XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Baina haiek orduan, kontatu ezin ahala izaki kreatu suposatuko lituzkete, beraiek onartzen dutenez Naturarengan inolako efekturik eragiteko ezgauza eta, beraz, ezertarako xederik gabe kreatuak liratekeenak, zeren Jainkoak berdin-berdin egin baitzezakeen dena eurak barik; hau diot, posibletzat admitituko bagenu suposamen arras ulertezin eta bitxi hori.
Mundu guztia dagoela erratuta suposatu behar al da?
Eta horrela balitz, zein kausa jarri hain hedatua eta edonon nagusi den erroreari?
Erantzuten dut, lehenik, ikerketa zehatzean oinarrituz gero, agian guk uste adina jende ez genukeela aurkituko materiaren edo kanpoko gauzen adimendua gabeko existentzian benetan sinesten duenik.
Hertsiki hitzeginda, bere baitan kontraesan bat daraman edo zentzurik ez duen zerbaitetan sinestea ezinezkoa da; eta irakurlearen azterketa inpartzialera uzten dut aurreko esakuneak mota honetakoak direnentz ikustea.
Egia da, zentzu batean esan daitekeela gizakiek sinesten dutela materia existitzen dela, hots, uneoro eragiten eta hain aurrean duten euren zentzazioen kausa, izaki sentigabe eta ez-pentsatzailea balitz bezala jokatzen dutela.
Baina hitz hauek adierazitako esanguraren bat argitasunez atzeman dezaketela eta honen eritzi espekulatibo zehatza atera, hauxe da bururatu ezin dudana.
Ez da hau gizakiek beren burua engainatzen dutela adierazten duen exenplu bakarra, sinetsi egiten dituztela irudituz sarri entzundako proposizioak, sakonean esangurarik ez badaukate ere.